PAMPLONA NEGRA JAIALDIAREN HAMARGARREN EDIZIOAK BERTARATUTAKOEN ERREKORRA HAUTSI DU, EDUKIERA BETEEK MARKATUTAKO URTEURREN BATEAN
2024ko otsailaren 7an
7.000 pertsona inguru izan dira zuzenean Jaialdiaren programazioak hartu dituen 60 jardueretan baino gehiagotan. Hain zuzen, hamargarren edizioa izan du Jaialdiak, eta aretoak bete dira jarduera ugaritan eta parte-hartze errekorra hautsi da saio guztietan.
Herrialde gonbidatuek bidea eman diote Hiriari, edizioaren protagonista moduan, zeinak berriro ere oihartzun handia izan duen hedabideetan eta sare sozialetan. Izan ere, Baluarten egin diren ekitaldien streamingeko emankizunaren bisualizazioen kopurua nabarmen handitu da.
Pamplona Negra jaialdiaren programazio nagusia urtarrilaren 22a eta 27a artean egin da, Iruñeko auditoriumean, eta Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak sustatu du eta osorik antolatu dute NICDO sozietate publikoko lantokiek –Baluarte, Planetarioa eta Nafarroako Filmoteka–, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Liburutegiekin elkarlanean arituta. Jaialdiaren hamargarren edizio honetan –joan den urtarrilaren 16an hasi zen, atarikoekin, eta azken astinduak atzo bertan gozatu ahal izan ziren Zinema Beltz Klasikoko zikloa amaitu zenean–, bertaratze eta parte-hartze errekorra hautsi da proposatutako jarduera guztietan, bai egoitza nagusian, Baluarten, antolatutakoetan, mahai-inguruak, tailerrak, Krimena taula gainean eta zinema eginda; bai Planetarioan, non David Gil idazleak bi mintzaldi egin behar izan zituen, izena eman zuten institutu guztiei arreta egin ahal izateko; bai herri-liburutegietan, zeintzuek irakurketa-klubak –haietako baten bat jendetsua–, literatura-sorkuntzako tailerrak, kriminologiari buruzko saioak, irakurketa dramatizatuak eta literatura eta sukaldaritza batu dituen saio bat hartu dituzten, besteak beste.
Guzira, 7.000 pertsona inguru izan dira aurrez aurre gozatzen programatu diren 60 jardueretan baino gehiagotan (aurreko edizioan berrogeita hamar bat izan ziren), haietako % 90 doako sarrerarekin. Gainera, programazioaren zati handi baten streamingeko emanaldiek 4.000 bisualizaziotik gora izan dituzte. Nabarmentzekoa da 2024 honetako Pamplona Negra jaialdian, emanaldiak eta plazak emendatu baziren ere tailerretarako, ibilbide antzeztuetarako, gastronomia-hitzordurako eta azken jairako, sarrerak inaugurazioaren aurreko egunetan ahitu zirela. Gauza berbera gertatu zen Krimena taula gainean atalaren edukierarekin: bete egin zen antolatuta zeuden bost hitzorduetan, eta, areago, areto bat egokitu behar izan zen ekitaldia streamingean ikusteko, Ganbera aretoan sartzeko modurik ez izatean.
HIRIA, PROTAGONISTA MODUAN
Aurtengo edizioan, Pamplona Negrak alde batera utzi nahi izan du tradizionala zen herrialde gonbidatua, eta haren ordez, omenaldia egin nahi izan dio Hiriari. THE DARK CITY lelopean, Pamplona Negra jaialdiaren zuzendari Susana Rodríguez Lezaunek azaldu du Hiria “eleberri beltz modernoaren sorlekua” dela, “hortik dator orain irakurtzen eta telebistan eta zineman ikusten dugun guztia, eta hau bezalako urteurren berezi batean bidezkoa iruditu zaigu programazioa berari, Hiriari, eskaintzea”. Hala, proposatutako mahai-inguruek eta amaitu berria den edizio honetan parte hartu duten egileek egungo literatura beltzak heltzen dien gaietako batzuei buruz hitz egin dute, hala nola botere-borrokei, mafiari, gizakien salerosketari, adimena manipulatzeari eta narkotrafikoari buruz. Zinema Beltzaren atala osorik eskaini zaie hiria beste pertsonaia bat gehiago bezala jorratzen duten hiru filmi. Nafarroako Filmotekak hautatutako hiru izenburu hauek izan dira, hain zuzen ere: It Always Rains On Sunday (Robert Hamer, 1947, Beti igandearekin egiten du euria); Bob, le flambeur (Jean-Pierre Melville, 1956, Bob jokalaria) eta To Live and Die in L.A. (William Friedkin, 1985, Los Angelesen bizi eta hil).
Gainera, Pamplona Negrak ez du aintzat hartu gabe utzi nahi izan noir jaialdiaren hamargarren urteurrena. Mahai-inguruen eta parte hartu duten egileen kopurua emendatzen jarraitu da, erakunde kolaboratzaileak mantendu dira, besteak beste, espetxea, La Antigua Farmacia taberna eta liburutegiak, eta beste batzuk gehitu dira, adibidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, zeinak irakurketa-klub bat hartu zuen Víctor del Árbolekin.
GASTRONOMIA-HITZORDUA ETA AMAIERAKO JAI HANDIA
Aurten berriro ere egin da gastronomia-hitzordua Tres Reyes hotelean. Hitzordu hori Pamplona Negra jaialdiaren programazioan antolatzen da bigarren edizioaz geroztik. Aurten, 160 bazkaltiarrek Enrique Martínez Burón chefaren proposamen berezi batez gozatzeko aukera izan dute, Diez años de platos mortales izenburupean. Jarduera horretan, gainera, Gran Feudo upategiaren, Cervezas Alhambra etxearen eta Heladería Elizalde enpresaren laguntza izan dute. Era berean Baluartetik kanpo, eta aste beltzari amaiera bikaina eman nahian, Zentral aretoak jai bat hartu zuen urtarrilaren 27an, larunbata: X años Pamplona Negra kontzertua, Writers band Simpathy for the Noir taldeak emana. Zehazki, rock taldeetan aritutako eleberri beltzeko idazleek eratzen dute talde hori: Mikel Santiagok (ahotsa eta gitarrak), Pedro Feijóok (baxua eta ahotsa), Santiago Álvarezek (gitarrak eta ahotsa) eta Galder Creok (bateria). The Rolling Stones, Queen, Loquillo, Kiss, The Clash, Los Rodríguez eta David Bowieren abesti ezagunen bertsioak jo eta abestu zituzten.
Dena den, ordu batzuk lehenago eta Baluarten hasi zen jaia egun baitzen Polizia Nazionaleko komisario batekin, Margarita Garcíarekin, Petra Delicado pertsonaia sortzeko inspirazioa izan zenarekin. Eta gero, Hovik Keuchkerian aktorea Susana Rodríguezekin hitz egiten aritu zen boxeoari, poesiari eta, nagusiki, literatura-pertsonaiei buruz. Juan Gómez-Juradoren eleberrietan oinarritutako Reina roja telesaileko protagonistaren rola jokatuko du telebistan Keuchkerianek.
JAIALDIKO ERAKARGARRI HANDIAK
Hamargarren edizio honetan Pamplona Negra jaialdian izan diren egileei dagokienez, Espainiako eta herrialdeko mugetatik kanpoko genero beltzeko izen handiek parte hartu dute, esate baterako, Nadal saria eskuratutako Víctor del Árbol, César Pérez Gellida eta Alicia Giménez-Bartlett idazleak, eta eleberri beltzeko Paco Camarasa sariketaren azken edizioa irabazi duena, Victoria González Torralba. Eta Del Árbolekin batera, Paco Gómez Escribano, Eugenio Fuentes eta Santiago Álvarez idazleak berriro ere eseri ziren Baluarten, inaugurazio-edizioko aurreneko mahai-inguruan egin zuten moduan. Jaialdiaren sortzailea eta aurreneko zuzendaria izan zena, Carlos Bassas del Rey, moderatzaile izan dute oraingo honetan.
Aipatutako horiez gain, Carlos Augusto Casas, Santiago Díaz, Ulises Bértolo, Paz Velasco de la Fuente, Jordi Ledesma, Estela Chocarro, Pablo Rivero, Fernando Benzo, Jon Arretxe eta Francisco Bescós aritu ziren parte hartzen programatuta zeuden mahai-inguruetan. Halaber, Jordi Llobregatek bere azken eleberria aurkeztu zuen La Antigua Farmacia tabernan, Marta Robles idazlearekin, eta David Gil Planetarioan egon zen.
Atzerritarren artean, Romy Hausmann, Alemaniatik, eta Alan Parks, Eskoziatik, izan ziren edizio honetan gonbidatutako nazioarteko bi egileak. Lehenbizikoak (live streamingen bidez) adimenaren alderik ilunenaz hitz egin zuen, eta Parks Susana Rodríguezekin hitz egiten aritu zen 1970eko Glasgow hiriari buruz, hamarkada horietan garatzen baitira bere eleberriak.
Edonola ere, Baluarteren agertokira igo direnak ez dira bakarrik eleberrigileak izan. Edizioz edizio Jaialdiaren izarra den atalak, Krimena taula gainean sailak, bost emanaldi interesgarri izan ditu oraingoan. Aurten, Polizia Nazionaleko inspektore batek azaldu zuen nola antolatzen den brigada kriminalistiko bat ezerezetik eta hainbat herrialdek dituzten baliabide eskasekin, adibidez, Malik eta Afrika Erdiko Errepublikak. Sheila Queralt auzitegiko hizkuntzalariak benetako adibideekin erakutsi zuen zeinen garrantzitsua den hizkera, idazketa eta adierazpidea kriminal bat identifikatu eta harrapatzeko orduan. Halaber, Polizia Nazionaleko Estupefazienteen Brigada nagusiko bi inspektore narkotrafikoaren kontrako borrokaz aritu ziren, eta beraiek esku hartu zuten ekintzetako benetako egoerak erakutsi zituzten. Paz Velasco kriminologoa, berriz, adimenaren manipulazioaz aritu zen, hilketa bat egiteko pertsona bat nola konbentzitu ahal den azalduz. Azkenik, Guardia Zibilaren Gizakien Salerosketako Ataleko teniente batek dauden salerosketa gaitzesgarrienetako bati buruz hitz egin zuen, gizakien salerosketaz.
Edizio honetan mantendu den apustuetako bat izan da nahitaez genero honetako literaturaren zale eta irakurle ez diren pertsonak erakartzen jarraitzea –eta konplize egiten jarraitzea–. Kriminologiako eta Eleberri Beltzeko Tailerraren beste edizio bat eginda lortu da hori, hain zuzen. Aurten, Jordi Ledesmak gidatu zuen, eta bi jardunalditan izaera kriminaleko narratibari buruzko eskola magistralak eskaini zituen. 70 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten. Bigarren tailerrak ere bi jardunaldi izan zituen, Paz Velasco kriminologoak eta idazleak gidatu zuen, eta krimen baten eszena idatzi ahal izateko gakoak eman zituen.
STREAMINGA, HEDABIDEAK ETA SAREAK
Baluarten egindako ekitaldiak streaming bidez ematearen aldeko apustuari eutsi dio oraingoan ere Pamplona Negrak, hartara, aste beltzean Iruñeko auditoriumera joaterik izan ez dutenengana heldu ahal izateko. Zehazki, mahai-inguruak, ponentziak eta Krimena taula gainean atalaren emanaldi guztiak eman dira, Baluarteko Ganbera aretoan kokatuta zeuden zenbait kamera finkoren bitartez. Horrek guztiak ekarri du 4.000 bisualizazio baino gehiago izatea (joan den urtean 2.500 izan ziren), bai zuzenean eta bai grabaturik Jaialdiaren Youtubeko kanalaren bidez. Izan ere, kanal horretan oraindik ere ikusgai daude bideoak.
Jaialdia gizartean aurkeztu zenetik, Pamplona Negraren gaineko informazioa emendatzen joan da pixkana urtero, eta hain berezia izan den edizio honetan ez da gutxiago izan. Tokiko eta eskualdeko hedabideen arreta etengabea eta garrantzitsua izan da, eta bai erkidego mugakideetako hedabideetan ere, bereziki, Euskadikoetan. Gainera, tarte monografikoen protagonista izan da Jaialdia saio nazionaletan, adibidez, RNEren Hoy empieza todo 2 izenekoan, eta presentzia izan du Radio3n, EITBko Teleberrin, Europa Pressen eta EFE Agentzian Estatuan, eta bai aipamen labur bat ere TVE1 kateko albistegian, Petra Delicado bere pertsonaiari buruz Alicia Giménez Bartletti egindako elkarrizketa baten esparruan.
Horrez gain, 9.000 pertsona inguruk bisitatu dute Jaialdiaren webgunea azken asteetan, eta 2 minututik gorako batez besteko interakzio-denbora izan dute. Sare sozialen bidez, guztira 421.000 inpresio lortu dira eta 3.400 klik; zehazki, 221K Facebooken, 110K Instagramen eta 90K Twitterren. Horrek esan nahi du 2023ko inpresioak boskoiztu egin direla.
ANTZERKIA PAMPLONA NEGRAN
Beste behin ere, NUPeko antzerki-taldearekin elkarlanean egin diren ibilbide antzeztuak urtarrilaren 20 eta 27 larunbat goizetako protagonistak izan dira. Justizia beltza izenburupean, guztira sei ibilbide egin ziren, lau gaztelaniaz eta bi euskaraz, eta 390 pertsona bertaratu ziren haietara. Aurten ere, ekimen honi herritarrek eman dioten erantzuna oso ona izan da, eta eskaini ziren toki guztiak ahitu ziren. Eszenaratzea Kondestableren Jauregian egin zen, antzerki-talde horretako zuzendariek berek gidatuta, Óscar Orzáizek (gaztelaniaz) eta Jaione Urtasunek (euskaraz).
Edonola ere, ez da hori izan Pamplona Negrak antzerkigintzara izan duen gerturatze bakarra, urtarrilaren 21ean, igandea, edizio honen inaugurazio ofizialaren luxuzko aperitibo gisa, Gayarre Antzokiak El sonido oculto antzezlana hartu baitzuen, Toni Acosta eta Omar Ayuso aktoreak protagonista dituen thriller psikologikoa.
IRAKURKETA-KLUBAK
Duela lau urte Pamplona Negra jaialdiaren eta Iruñeko eta Iruñerriko herri-liburutegien arteko lankidetza hasi zenetik, elkarlan hori hazten joan da, ehunka irakurleren gozamenerako. Aurtengo edizioan, hain zuzen, egile handiak bertatik bertara ezagutu eta haiekin solasean aritzeko aukera izan dute irakurleek, besteak beste, Víctor del Árbol, Carlos Augusto Casas, Paz Velasco, Fernando Benzo, Aurora Guerra eta Toni Hill egileak. Gainera, Marta Marnek, eleberri beltzean adituak, Ellas también escriben: perspectiva histórica del género negro escrito por autoras izenburuko mintzaldia eskaini zuen Zizurko liburutegian, eta Jordi Ledesmak eleberri beltzeko tailerra gidatu zuen Barañaingoan.
Jaialdiaren ondorengo astean liburutegiek protagonistak izaten jarraitu dute hainbat jardueraren bidez. Besteak beste, mintzaldia egin du polizia zientifikoari buruz Sergio Sanvicente Polizia Nazionaleko inspektoreak, eta Belatz-ek komiki beltzari buruzkoa. Topaketak egon dira egileekin, adibidez, José Luis Díaz Monreal, Estela Chocarro eta Álvaro Arbinarekin, eta gastronomia-literatura topaketa Nafarroako Liburutegian, Xabier Gutiérrez chef eta idazlearekin. Azken kasu horretan ere sarrerak bukatu ziren. Azkenik, Yolanda Almeidak Manos arriba, sociedad limitada bere liburua aurkeztu zuen, Txantreako liburutegiak zinema beltzaren gaineko ziklo bat antolatu zuen eta San Pedrokoak ‘Cluedo en vivo’ egin zuen haurrentzat.
Horrez gain, Pamplona Negra jaialdiak bigarren urtez antolatu du literatura-topaketa Iruñeko espetxeko presoekin. Oraingo honetan, joan zirenek Carlos Augusto Casas entzun eta harekin hitz egiteko aukera izan zuten. Casasek oso ontzat jo zuen esperientzia, espetxearen arduradunek bezala, eta hurrengo edizioetan mota honetako topaketek jarraipena izatearen alde agertu ziren. Azkenik, Pamplona Negra berriro presente egon da El Corte Inglés saltokiko Kultura Arloaren ekitaldietan, aurten Santiago Díazekin. Hain zuzen, merkataritza-zentroko zortzigarren solairua bete egin zuten Díazen eta Jaialdiko zuzendariaren arteko solasaldia entzun nahi zuten herritarrek.
Pamplona Negra jaialdiaren hamaikagarren edizioa abian da eta goren mailan itzuliko da 2025eko urtarrilean…
Iruñean, 2024ko otsailaren 7an