HERRI LIBURUTEGIEN SAREAK JARRAIPENA EMANGO DIO ASTE HONETAN PAMPLONA NEGRA JAIALDIKO JARDUEREN PROGRAMAZIOARI
2024ko urtarrilaren 29a
'Noir' jaialdiak ia bete ditu hamargarren edizio honetan programatuta zituen hitzordu guztietako edukierak, eta otsailaren 2a arte, ostirala, proposamenak gauzatzen jarraituko du hainbat liburutegitan.
Joan den larunbatean amaitu zen 2024ko Pamplona Negra jaialdiak Baluarten antolatuta zuen programazioa –krimenez eta misterioz betetako sei egun bizi izan ziren–, eta aste honetan noir jaialdiaren hamargarren edizio honetako jarduera Nafarroako Herri Liburutegien Sarera lekualdatuko da. Izan ere, bosgarren urtez jarraian, sare horrek jaialdian parte hartuko du jardueren programazio zabal baten bidez, hartara, genero hori pertsona gehiagori gerturatzeko. Urtarrilaren 30a eta otsailaren 2a artean, jaialdiaren edizio honetan parte hartuko duten liburutegietako hamabik proposamen askotarikoak hartuko dituzte, hala nola lege-medikuntzari eta krimenak ebazteari buruzko mintzaldiak, edo komiki beltzari buruzkoak; topaketak, benetako hilketetan oinarritutako eleberrien egileekin; zinema beltz klasikoa; eta literatura- eta gastronomia-hitzordua.
Izan ere, eleberri beltzak toki nabarmena aurkitu du herri-liburutegietan, non erabiltzaileek biziki “estimatzen eta eskatzen duten”. Hartara, publikoaren eskaera eta erantzuna aintzat hartuta, Pamplona Negra jaialdian parte hartzen duten liburutegien kopurua handitu egin da, lehenbiziko edizioan 10 izatetik aurten 15 izatera igarota. “Jaialdian parte hartzeko proposamenak interes handia eragiten du, eta liburutegiek, jardueren ideia askotariko ugari ez ezik (jokoak, lehiaketak, tailerrak, mintzaldiak…), dokumentazio eta materialen hautaketa lan garrantzitsu bat ere egiten dute, urtez urte, irakurketa-gidetan eta narrazio-genero honekin lotutako gaiei buruzko interes-zentroetan agertzen dena “, azaldu du Clara Flamariquek, Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzuko kideak.
‘NOIR’ JARDUERAK LIBURUTEGIETAN
Zehazki, aste honetarako noir jardueren agendan, lege-medikuntzari eta krimenak ebazteari buruzko bi mintzaldi daude. Sergio Sanvicente arduratuko da bi mintzaldi horietaz, Polizia Nazionaleko Brigada Zientifikoko inspektore burua, eta Berriozarko liburutegian (urtarrilaren 31n, 18:30ean) eta Zizur Nagusikoan (otsailaren 1ean, 18:30ean) izango dira. Komiki beltzari buruzko solasaldiak ere egingo dira Mikel Santos Belatz-ekin. Otsailaren 1ean, goizean (11:30ean), Txantreako liburutegian egongo da nafarra, Bigarren Hezkuntzako ikasleekin, eta Milagrosako liburutegian, egun berberean baina arratsaldean (18:30ean), publiko guztientzat. Eta horrez gain, Yolanda Almeida idazlearen Manos arriba, sociedad limitada liburuaren aurkezpena eta irakurketa laburra egingo da. Komedia beltza da, absurdua, non “lapur bat iraupen luzeko gazte langabe bati ebasten saiatzen den”. San Pedroko liburutegian (otsailaren 1ean, 18:30ean) eta Castejóngoan (otsailaren 2an, 18:30ean) izango dira aurkezpenak.
Gainera, urtarrilaren 31n, asteazkena (19:00etan), Nafarroako Liburutegian literatura- eta gastronomia-topaketa egingo da Xabier Gutiérrez donostiar idazle eta sukaldariarekin, eta bertan, literaturaz hitz egiteaz gain, bere eleberriekin lotutako pintxoren eta ardoren bat dastatzeko aukera egongo da (aurretik izena eman behar da). Egun horretan bertan, San Pedroko herri-liburutegian, Cluedo saio bat egingo da haurrentzat (18:00etan), eta Txantreako liburutegian bihar, asteartea, urtarrilak 30 (18:00etan), zinema beltz klasikoko zikloko azken hitzordua egingo da. Zehazki, Orson Wellesen La dama de Shangai filma emango dute. Sarrera librea izango da, edukiera bete arte.
Eta berrikuntza moduan, jaialdian parte hartuko duten zenbait liburutegik topaketak egingo dituzte beren instalazioetan Nafarroan benetan gertatu diren krimenetan oinarritutako eleberrien egileekin. Zehazki, José Luis Díaz Monrealek, El robo de la catedral liburuaren egileak, benetan gertatutako eta argitu gabeko gertakari bati buruz hitz egingo du: Iruñeko katedralean gordeta zegoen altxor artistikoa 1935eko udan lapurtu izana. Urtarrilaren 30ean, asteartea (18:30ean), izango da San Pedroko liburutegian, eta otsailaren 2an, ostirala (19:00etan), Eloko liburutegian. Bere aldetik, Estela Chocarro nafar idazleak, El próximo funeral será el tuyo eleberriarekin (Cárcarren gertatutako benetako krimen batean oinarritua), Sanduzelaiko liburutegian egingo den topaketa batean parte hartuko du urtarrilaren 30ean, asteartea (19:00etan), eta Burlatako liburutegian otsailaren 1ean, osteguna (19:00etan). Eta Álvaro Urbina, Los años del silencio eleberriaren idazlea (Baztango Donamaria herriko Legarrea leizean Sagardia Goñi familia desagertu izana inspirazioa duen eleberria, antza denez, bertako herritarrek leizera botata. 1936ko gerrak ezkutatutako krimena), Lesakako herri-liburutegian egongo da urtarrilaren 31n, asteazkena (18:30ean), eta Noaingoan hurrengo egunean, otsailaren 1ean, osteguna (18:30ean).
Pamplona Negra jaialdiaren hamargarren edizio honetan, jaialdian parte hartu duten herri-liburutegiak hauek dira: Milagrosakoa, San Frantziskokoa, Sanduzelaikoa, San Pedrokoa, Txantreakoa, Yamaguchikoa eta Nafarroako Liburutegia, Iruñean; Barañaingoa, Berriozarkoa, Burlatakoa, Noaingoa eta Zizur Nagusikoa, Iruñerrian; eta Lesaka, Irunberri eta Castejóngoak. Programazioko hitzorduetako batzuetan aste honetan protagonistak izango diren egileez gain, joan den astean publikoak beste egile batzuen presentziaz gozatzeko aukera izan zuen, adibidez, Jordi Ledesma, Paz Velasco, Marta Marne, Víctor del Árbol, Aurora Guerra, Toni Hill eta Fernando Benzo egileen presentziaz, liburutegi horietako batzuetan egin ziren mintzaldietan, tailerretan eta irakurketa-klubetan.
2024ko urtarrilaren 29a