Inés Cuevas Aparicio eta Irati Oiartzabal Agirrezabal euskaraz, eta Uxue Fernández Alzórriz eta Álex Vázquez Cenoz gaztelaniaz, izan dira ‘Pamplona Negra’ Kontaketa Laburren II. Literatura Lehiaketaren irabazleak
2024ko urtarrilaren 11n
Lehiaketaren bigarren edizio honetan saritu diren idazlanen hizkuntzaren erabilera ona eta deskribapen zentzuzkoak nabarmendu dituzte epaimahaikideek
Inés Cuevas Aparicio eta Irati Oiartzabal Agirrezabal euskaraz, eta Uxue Fernández Alzórriz eta Álex Vázquez Cenoz gaztelaniaz, izan dira idazle gazteentzako ‘Pamplona Negra’ Kontaketa Laburren II. Literatura Lehiaketaren irabazleak. Jaialdiaren hamargarren edizioko programazioaren esparruan, David Gil idazle ezaguna sariak emateko ekitaldira joango da hurrengo asteazkenean, urtarrilak 24, 11:30ean, Iruñeko Planetarioan. Hain zuzen ere, epaimahaia Carlos Bassas idazleak, Eduardo Nanclaresek eta Juan Manuel Sánchezek, NICDO sozietate publikoko kideek, eta Susana Rodríguez Lezaunek eratu dute, Pamplona Negra jaialdiaren zuzendariak.
Euskarazko kontaketen kategorian, kontaketa irabazlean –Korrika batean izenburua duena eta Inés Cuevas Apariciok sinatua–, “hizkuntzaren erabilera ona eta amaieraraino suspenseari eusteko modua” baloratu du epaimahaiak. Egileak 14 urte ditu, eta San Fermin Ikastolako ikaslea da.
Idazlan finalista, Ahizpa izenekoa, Irati Oiartzabal Agirrezabalena da. Oiartzabal Leitzako Amazabal BHIko ikaslea da, eta 15 urte ditu. Bertan, epaimahaiak nabarmendu du harrigarri egin zaiola “joko bikoitzari, suspenseari eta arretari eusteko moduarengatik, hasieratik bukaeraraino, oso originala den istorio batean, irakurlea batetik bestera eramanez, hizkuntzaren erabilera oso interesgarri batekin”.
Gaztelaniazko kontaketen kategorian, berriz, epaimahaiak erabaki du aurreneko saria Uxue Fernández Alzórrizi ematea. Tafallako Sancho III El Mayor BHIko ikaslea da, 15 urtekoa, eta El caso Makando izenburua duen lana idatzi du. Hain zuzen, Uxue finalista izan zen lehiaketaren lehenbiziko edizioan, eta, beraz, horrek argi erakusten du tafallar gaztearen idazmenaren kalitatea. “Esaldi motzekin, paragrafo laburrekin eta lehenbiziko pertsonan egindako kontakizunarekin, kontaketa hau edozein egile helduk sinatutakoa izan zitekeen”, adierazi dute epaimahaikideek.
Bigarren saria, aldiz, Álex Vázquez Cenozek eskuratu du. Iruñeko Domingotarren ikastetxeko ikaslea da Vázquez, 17 urtekoa, eta El arte de la muerte idatzi du. Epaimahaiaren iritziz, kontaketa “benetan ausarta da; eszenaratze zaindua eta landua du, handitzen doan erritmoa, bukaera hurbiltzen doan heinean, eta indar handia duen amaiera”.
Kategoria bakoitzean lehenbiziko saria eskuratu duten irabazleek 150 euroko opari-txekea jasoko dute, eta finalistek, berriz, jaialdiko produktuak dituen poltsa bat.
Iruñean, 2024ko urtarrilaren 11n