Jon Arretxe
Doktorea da Euskal Filologian, lizentziaduna Gorputz Hezkuntzan, eta Gasteiz eta Bilboko kontserbatorioetan Kantuko eta Pianoko ikasketak osatu ditu. 2004az geroztik Arbizun bizi da (Nafarroa).
Egile polifazetikoa eta arrakastatsua da, eta literatura-sorkuntza du ogibide. Bere liburuei eta bidaiei buruzko hitzaldiak egiten ditu, eta, gainera, opera abesten du.
Bidaia-literaturaren bidez hasi zen idazten: 7 kolore, Tubabu, Oroituz… Edonola ere, azken urteetan genero beltzean jarri du arreta. Besteak beste, Xahmaran, Tangerko ametsak, Arrutiren banda, etab. kaleratu ditu eta, nagusiki, Toure detektibe-igarlearen saga. Pertsonaia horren ibileren bidez, paperik gabekoen bizipenen eta nekeen berri ematen digu egileak. Toure telebistarako egokitu da, telesail moduan, eta orain arte hamar eleberritako protagonista izan da, denak gaztelaniaz eta euskaraz irakur daitezkeenak.
Egile nekaezina, haurrentzako eta gazteentzako literatura ere idatzi du, hala nola Harresi handirantz eta Lurraren taupadak lanak.