Pamplona Negrak hamargarren urteurrena ospatuko du, 2024ko urtarrilaren 22tik 27rako programaren protagonista ‘hiria’ duela

2023ko azaroaren 27a
Noir jaialdiak nazioko eta nazioarteko lehen mailako gonbidatuak izango ditu, eta beste egoitza batzuetan egotea zabalduko du, besteak beste, Iruñeko espetxean, herri-liburutegietan eta Hizkuntza Eskola Ofizialean

Pamplona Negra jaialdiak 10. urteurrena ospatuko du urtarrilean, asmo handiko edizio batean, nazioko eta nazioarteko lehen mailako egileekin, eta noir zinemaren eta literaturaren zaleentzako interes ezin handiagoko txosten eta jarduerekin. Urteko noir jaialdi goiztiarrena Baluartera itzuliko –egoitza nagusia izango da– eta Iruñera, hurrengo urtarrilaren 22a, astelehena, eta 27a, larunbata, artean garatuko den edizio berri batean. Hain zuzen, edizio horren aurkezpena joan den azaroaren 27an egin zen, Iruñeko auditoriumean, eta bertan izan ziren Susana Rodríguez Lezaun, Jaialdiaren zuzendaria; Eduardo Nanclares, NICDO – Baluarteko zuzendari teknikoa eta operazioetakoa; Clara Flamarique, Nafarroako Gobernuaren Liburutegien Zerbitzukoa; eta Óscar Orzaiz, NUPeko Antzerki Taldearen zuzendaria. The dark city izenburupean, oraingo honetan, Pamplona Negrak ez du herrialde gonbidatu bakar bat edukiko, baizik eta hiria izango da protagonista.

2015eko urtarrilean egin zen Pamplona Negra jaialdiaren aurreneko edizio haren omenaldi moduan, oraingo inaugurazioa egiteko mahai-inguruan jaialdia martxan jartzean protagonista izan ziren egileetako batzuk egongo dira: Víctor del Árbol, Eugenio Fuentes, Santiago Álvarez eta Paco Gómez Escribano. Gainera, hiria ardatz gidaria izanik une oro, mahaietan hainbat gairi helduko diote, besteak beste, mafiei, Carlos Augusto Casas, Victoria González Torralba eta Ulises Bértolorekin; giza adimenaren ahalmenari, Estela Chocarro, Aurora Guerra eta Pablo Riverorekin; eta gizakion alderdi ilunenari, César Pérez Gellida, Fernando Benzo, Jon Arretxe, Francisco Bescós, Romy Hausmann eta Toni Hill protagonista izango dituen hitzordu bikoitz batean.

Jaialdiko ekitaldi nagusietako bat urtarrilaren 27an izango da, larunbata, Hovik Keuchkerian aktorearen parte-hartzearekin. Izan ere, Susana Rodríguezekin hizketaldian, egungo eleberri beltzeko literatura-pertsonaia ospetsuenetako bat hezurmamitzeko erronkaz hitz egingo du: Jon Gutiérrez, Juan Gómez-Juradoren Reina roja eleberri-sagako protagonista, zeina Prime Videon estreinatzeko zorian dagoen. Hain justu, lehenago, egun horretan bertan, topaketa bat egingo da Alicia Giménez-Bartlettekin. Bartlettek Nadal saria irabazi zuen 2011n, eta Planeta saria, 2015ean. Noir astean zehar, gainera, Ganbera aretoan, Alan Parks britainiar idazlea eta Romy Hausmann alemaniarra egongo dira. Aurrenekoa izenburu handien egilea da, eta Tartan noir esaten zaionaren aitatzat jotzen da; Hausmannek, berriz, Mi dulce niña (Liebes Kind) lehenbiziko eleberriarekin lortu du ospea. Zehazki, Netfilxek telebistara eraman du, eta hamar hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute. Hain zuzen ere, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeleseko eta alemaneko ikasleek Parksekin eta Hausmannekin hitz egiteko eta haiek elkarrizketatzeko aukera izango dute, Baluarten eta eskolan bertan egingo diren jardueretan. Hizkuntza-eskola hori Pamplona Negra jaialdiaren kolaboratzaileen artean egongo da oraingoan. Horrez gain, La ciudad dibujada (Hiri marraztua) izango da eleberri grafikoko izen handiak elkartuko dituen mahai baten izenburua, hala nola David Rubin, Carol Medina, Mikel Santos “Belatz” eta César Oroz. Azken hori moderatzailea izango da.

PROGRAMAZIOAN FINKOAK DIRENAK

 Aurten ere, Jaialdiko atal txalotuena gure artean izango da, Krimena taula gainean, beste urte batez krimenaren eta justiziaren arloa auditoriumeko publikoari hurbiltzeko, ikerketa kriminalaren errealitatera inoiz baino gehiago gerturatuko diren bost proposamenekin. Polizia Nazionaleko inspektore batek zuzenean azalduko du nola egin zuen lan Malin, herrialde horretako aurreneko brigada zientifikoari prestakuntza emateko; Pamplona Negran, Polizia Nazionaleko Estupefazienteen Brigada Nagusiko bi arduradun egongo dira, narkotrafikoaz hitz egiteko; auzitegiko hizkuntzalari batek argituko du hitzak froga gisa duen ahalmena; eta Guardia Zibileko Gizakien Salerosketako ataletik, publikoari kontatuko diote nola borrokatzen diren pertsonen trafikoaren kontra. Gainera, Paz Velasco de la Fuente kriminologoa taula gaineko krimen baten protagonista izango da, oraingo honetan, manipulazio mentalaz eta eragindako krimenez hitz egiteko.

Hamargarren edizio honetarako bi lantegi desberdin antolatu dira. Bata eleberri beltzari buruzkoa izango da, urtarrilaren 22an eta 23an, astelehena eta asteartea, eta Jordi Ledesma idazleak gidatuko du. Bestea, kriminologiaren gainekoa izango da, hilaren 24an eta 25ean, asteazkena eta osteguna, eta Paz Velascok emango du. Lantegi bakoitzerako izen-emateak 40 euro balio du (saio solteak 20 euro), eta bi tailerretan parte hartzeko abonamenduak, 70 euro. Gainera, zinemak bere toki erreserbatua izango du berriro ere Jaialdian, Nafarroako Gobernuaren Kulturako Zuzendaritza Nagusiak sustatuta eta NICDO – Baluartek eta Filmotekak antolatuta, noir zinemako hiru izenburu proiektatuta. Laster ezagutaraziko dira horren gaineko xehetasun gehiago.

BALUARTETIK HARAGO…

Aurreko edizioetan bezala, Pamplona Negra 2024 berriro ere Baluartetik aterako da, Jaialdia hiriko beste toki batzuetara hurbiltzeko. NUPeko Antzerki Taldeak ibilbide antzeztua egingo du, Justizia beltza antzezlana erakusteko, gaztelaniaz eta euskaraz, Kondestableren Jauregian (aurretik izena eman behar da eta doakoa da). Hitzordua, zehazki, urtarrilaren 20an eta 27an izango da, biak ala biak larunbatak. Horrez gain, Nafarroako herri-liburutegiekin elkarlanean, irakurketa-klubak eta mintzaldiak egongo dira idazleekin. Hamargarren urteurren honetako programazioan, halaber, hitzordua egongo da noir sukaldaritzarekin, Tres Reyes hotelean (txartelak salgai: 40 euro). Iruñeko La Antigua Farmacia tabernan literaturako gau-jaialdia egongo da berriz ere, oraingo honetan Jordi Llobregat idazlearekin. Bere aldetik, Carlos Augusto Casas egileak bisita egingo du Iruñeko espetxera, eta  Planetarioan, David Gil idazlea Iruñeko eta Iruñerriko hainbat ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako ikasleekin elkartuko da.

Eta Jaialdiaren bezperatan, Pamplona Negrak Gayarre Antzokiaren lankidetza izango du. Hain zuzen, urtarrilaren 21ean, igandea, El sonido oculto antzezlana aurkeztuko dute Gayarren, Adam Rappena, Toni Acosta eta Omar Ayusorekin, eta Juan Carlos Rubiok zuzendua. Emanaldiaren ondoren, Pamplona Negrako zuzendaria antzezleek publikoarekin izango duten solasaldiari batuko zaio. Gainera, Corte Inglés merkataritza-guneko kultura-esparruan, urtarrilaren 19an, ostirala, topaketa egingo da Santiago Díaz idazlearekin.

Iruñean, 2023ko azaroaren 27an

Leyenda fotografía

Scroll to Top