Reyes Calderonek, Ibon Martinek eta Rosa Ribasek 'Gailurrerako bidea' erakutsiko dute gaur arratsaldean Pamplona Negra Jaialdian
2025eko urtarrilaren 24a
Bosgarren jardunaldiak El crimen a escena saioaren azken atala ere ekarriko du Bihotzik gabeko gizona-ren kasuarekin, Gerra-eremua gaiari buruzko mahai-ingurua, eta Juicio al extranjero antzezlan parte-hartzailearen emanaldi bikoitza ikasleentzat.
Pamplona Negra azken txanpan sartu da gaur Jaialdiaren hamaikagarren edizio honetako azken-aurreko jardunaldiarekin. Azkeneko lau egunotan Baluartera suspense asko, krimenak eta benetako kasuak, nazioko eta nazioarteko hogei idazle baino gehiago eta poliziako adituak ekarri dituen Noir-aren inguruko bidaiak hiru proposamen eskainiko ditu gaur arratsaldean Ganbera Aretoan, mahai-inguruei eta El crimen a escena atalari amaiera emateko.
Gaur arratsaldeko jardunaldia 18:00etan hasiko da, Gerra-eremua mahai-inguruarekin. Bertan, Antonio Pampliega kazetari, idazle eta gatazkan dauden lurraldeetako erreportariak eta Goretti Irisarri eta Jose Gil Romero egileek eleberri beltz belikoaz eta bere esperientziaz hitz egingo dute. Amaia Otazu Cadena SER Navarra irratiko kazetariak moderatuko du topaketa.
Eguneko bigarren mahai-ingurua 19:00etan izango da, Gailurrerako bidea izenburupean, eta genero beltzeko hiru idazle nabarmenek hartuko dute parte: Reyes Calderón, Ibón Martín eta Rosa Ribas. Pamplona Negra Jaialdira itzultzean, genero beltzan erreferente bihurtu arte igaro behar izan duten “bide luzea eta ez beti erraza” nolakoa izan den azalduko dute.
Gaurko jardunaldiari Baluarten amaiera bikaina emateko, 20:00etan El crimen a escena atalaren bosgarren eta azken emanaldia hasiko da, eta ikerketa kriminalaren errealitatera zehatz-mehatz hurbilduko da. Zehazki, Aitor Curiel Valladolideko auzitegiko mediku forense eta dibulgatzaileak Bihotzik gabeko gizona-ren kasua ekarriko du Ganbera Aretora, eta xehetasun osoz kontatuko du nola egin zion aurre Espainian, Suedian eta Erresuma Batuan titularrak izan zituen kasu horri: 45 urteko gizonezko espainiar baten gorpu mutilatua aurkitu zuten Stockholmeko uretan.
‘NOIR’ ANTZERKIA ETA ZUZENEKO IRRATSAIOA
Edizio honetako programaren berritasunetako bat antzerki parte-hartzaile eta interaktibo formatuan iritsiko da Iruñeko auditoriumera. Zehazki, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko bigarren zikloko ikasleek El juicio al extranjero antzezlanean parte hartzeko aukera izango dute gaur goizean, Albert Camusen El extranjero eleberriko protagonistaren epaiketa simulatzeko. Indubio antzerki konpainiaren eskutik, bi emanaldi egingo dira (9:30ean gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz), eta ikasleak parte garrantzitsu eta ezinbesteko bihurtuko dira hori garatzeko: kasu honetako defentsaren, akusazioaren, epailearen eta epaimahaiaren paperean sartu beharko dira. Konpainiako hiru aktoreek ikustaldi honetan parte hartzen duten pertsonak gidatuko dituzte, epaia eman aurretik epaiketa publiko bat eraikitzeko. Sarbide mugatua da, soilik izena eman duten ikastetxeetarako.
Gainera, goizean Baluarte irrati-estudio bihurtuko da. Radio Nacional de España irratiak Las mañanas de RNE goizeko magazina emango du zuzenean Atondo nagusitik, Mamen Asencioren zuzendaritzapean. Programako mikrofonoetatik Pamplona Negra Jaialdiko hizlariak eta gonbidatuak pasatuko dira, baita Susana Rodríguez Lezaun zuzendaria ere. Hitzordua 10:00etatik 13:00etara izango da eta sarrera doakoa da.
JAIALDIA HIRIRA ATERATZEN DA
Bosgarren egunean, Pamplona Negra hirira aterako da bihar berriz ere. Goizeko 11:00etan, Nafarroako Liburutegiak Gure hildakoak izeneko irakurketa klub irekia hartuko du, Rosa Ribas idazlearen eskutik. Sarrera librea izanen da lekuak bete arte. Eta gauean, 21:30ean, Farmazia Beltza jarduera itzuliko da; Iruñeko La Antigua Farmacia tabernan egingo den literatur gaualdiak Carmen Nieto idazle kanariarra izango du protagonista. Carlos Ollo iruindarrak aurkeztuko du Escribir con recortes izeneko emanaldia (sarrera librea da).


